Egurtek 2020 sarien epaimahaiak ezagutzera ematen ditu sei kategorien proiektu irabazleak

Mallabiako Herriko Plazak BEM saria irabazi du, edizio honetako berrikuntza

 

Egurtek Sarien epaimahaiak gaur jakinarazi ditu lehiaketaren bosgarren edizioaren irabazleen izenak. Erakusketa Bilbao Exhibition Centre-ko Zurezko Arkitektura eta Eraikuntzaren Nazioarteko Foroaren esparruan ospatzen da. Sariak Egurtek azokaren zortzigarren edizioan bananduko dira, urriaren 14 eta 15ean.

Egurtek Sarien helburu nagusia egurrak eraikuntza berrian edo guneen birmoldaketan elementu gako gisa duen garrantzia azpimarratzea da. Zentzu horretan, epaimahaiko zortzi kideek “aurkeztutako proiektuen kalitate handia eta proiektu guztietan egurraren erabileran hautematen den sentsibilitatea” baloratu dute. Guztira, 93 hautagai aurkeztu dira, sei kategoriatan sailkatutako lan ezberdinekin: Eraikuntza kategorian 40 proiektu hartu dira aintzat; Interiorismoa kategorian, 33; Diseinua kategorian, 15; eta Argitalpena kategorian, 5. Bestalde, 17 proposamenek izan dute Basque Quality sari bereziak irabazteko aukera, eta 7 proiektuk hartu dute parte aurtengo BEM (Bois/Egurra/Madera) sari berrian.

Egurtek Sarien edizio honek aurkeztutako proiektuen aniztasuna izan du bereizgarri, eta, horrek, epaimahaiaren azken erabakia guztiz zaildu du. Zentzu honetan, sariak banatzeaz gain, accesit bana eman dira Eraikuntza eta Interiorismoa kategorien baitan.

Edizio honetan berritasun gisa aurkeztu den BEM (Bois/Egurra/Madera) sari berezia Mallabiako Herriko Plazak irabazi du, Ane Arce eta Iñigo Berasategui arkitektoek diseinatutakoa. Sortu berri den sari honek Akitania Berria- Euskadi-Nafarroa Euroeskualdean administrazio publikoak bultzatutako lan nabarmenak antzematen ditu. Epaimahaiak azpimarratu du “gune aipagarria islatzen duen hiri-jarduera, tokiaren kulturaren balioa nabarmentzen duena”. Halaber, “proiektuaren elementu guztien gauzatze egoki, burutsu eta zehatza” goretsi du.   

Tokiko zura – Basque Quality sari berezia Restauración de la torre medieval de la ferrería hidráulica de Ibero lanarentzat izan da, José Luis Franchezek egina Leitzan (Nafarroa). “Erdi Aroko dorrearen distira eta dotoretasuna berreskuratzen dituen esku-hartze bikaina ondare arkitektonikoan” adierazi da epaitzan.

Egurtek 2020ko Eraikuntza Saria Escuela Infantil A Baiuca proiektuak irabazi du A Estradan (Pontevedra), Elizabeth Abalo eta Gonzalo Alonso arkitektoen lana. Epaimahaiak lan hau “funtsezkoa eta serioa” dela deritzo, “barne-antolaketan aparteko soiltasuna” erakusten duena. Gainera “eraikina administrazio publikoentzako eredu egokia dela” ondorioztatzen du.

Kategoria honetan accesit bat ere eman zaio Mi casa en madera proiektuari Lenten (Herbehereak), Lidewij Lenders eta Marije ter Steege arkitektoek sortutako lana. Aldez aurretik egurrez fabrikatutako eraikuntza-soluzioei dagokienez, epaimahaiak “jardunbide egokiaren eredu” dela uste du, eta etxebizitzari “funtzionaltasuna, iraunkortasuna eta epeltasuna” eransten diotela.

Interiorismoa kategorian, Joan Casals eta José Luis Cisneros arkitekto katalanek irabazi dute Bartzelonako Raval auzoko Entre Balcones proiektuarekin, “hiri eta etxearen arteko ataria zabaltzea helburu duen proposamena, etxeko esparruko pribatutasunaren eta kaleko eremu kolektiboaren arteko trantsizio oparoagoa eta anbiguoagoa josteko”.

Aurreko sariarekin gertatu den bezala, kategoria honetan ere eman zaio accesit bat Bilboko Dendaz. This is basque design proiektuari, Elisa de los Reyes García eta Maé Durant-ek aurkeztua. “Interiorismo-jarduera nabarmena, altzarien sistema modular baten ezarpenaren bidez sortua”, azpimarratzen du epaitzak.

Produktuaren diseinua saria Lahu proiektuak irabazi du, Raquel Ares eta Iñaki Albistur arkitektoek diseinatutako aulki tolesgarri dotorea. Epaimahaiaren hitzetan, “eskulan digitalaren eta tradizionalaren arteko hibridazio-jarduera interesgarria da”.

Azkenik, Argitalpena kategorian, Construir con árboles artikuluari egokitu zaio saria, Lander Uncilla arkitektoarena; epaitzan jasotzen denaren arabera, “egurrak giza-kulturan duen garrantziaren laburpen zoragarria” biltzen du, narratiba “pedagogiko, hurbil eta oso interesgarriaren” bidez.

Aurkeztutako proposamen guztiak Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren webgunean eta Bilbao Exhibition Centre-ko Egurtek-en webgunean egongo dira ikusgai.

Egurtek 2020 Sarien epaimahaiaren burua Matxalen Acasuso da, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Dekanoa, eta ondorengoak ere ditu kide: José Antonio Barea (UPV/EHU), Javier Cenicacelaya (Infoedita), Oskar Azkarate (Baskegur), Javier García (Bilbao-Bizkaia Design & Creativity Council), Emiliano López (López Rivera Arquitectes), Andoni Díaz (Bizkaiko Barne Dekoratzaile eta Diseinatzaileen Elkargo Ofiziala) eta Jon Abad (Euskal Diseinugileen Elkartea-EIDE).

Egurtek-ek, Zurezko Arkitektura eta Eraikuntzaren Nazioarteko Foroak, sektoreko profesionalei zuzendutako jardueren programa zabala du ere. Horrela, erakusketa-gune bat antolatuko da, Biltzar profesional batez eta Baskegurrek zuzendutako Jardunaldi Teknikoez gain, non nazioarteko arkitekto eta diseinatzaile entzutetsuek hartuko duten parte. Bilbao Exhibition Centre-k Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren eta Baskegurren -Euskadiko Zuraren Elkartea- laguntzarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren babesarekin antolatu du Nazioarteko foro hau.

-ek idatzirik |2020-11-03T10:45:41+01:005 de ekaina de 2020|Albisteak|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top