Egurtekek, 9. edizioaren itxieran, egurrak etorkizuneko material gisa duen balioa egiaztatu du

1.300 profesional inguruk bisitatu dute ekitaldia

Egurtekek balantze positiboarekin eman dio itxiera Nazioarteko Zuraren Arkitektura eta Eraikuntza Foroaren 9. edizioari. Arlo horretako aurrerapen guztiak jasotzea eta sinergia berriak sustatzea izan dira foroaren helburu nagusiak. Hala, foroak balioa eman dio egurrari etorkizuneko material jasangarri gisa, eta eraikuntzarako ezaugarri bikainak dituela egiaztatu du. 1.300 profesional inguru joan dira hitzordura. Horrek berresten du topagune gisa duen egokitasuna eta sendotasuna.

“Egurra etorkizunerako materiala da. Egurtek ez da soilik egurraren erabilera bultzatzen duen topagunea; oso rol garrantzitsua betetzen du, balio-kate osoa islatzen duelako” izan da azokaren inaugurazioan parte hartu duten erakundeetako ordezkariek zabaldutako mezua: Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordea; Oskar Azkarate, BASKEGUReko zuzendari nagusia; Patxi Chocarro,  Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko dekanoa; eta Xabier Basañez, Bilbao Exhibition Centreko zuzendari nagusia.

Agerian geratu dira material horrek eskaintzen dituen aukerak Estatu osoan arkitektura eta egurrari eskainita egiten den kongresu bakarrean. Bertan erakutsi dituzte lanak nazio mailako nahiz Austriako, Herbeheretako, Portugalgo edo Danimarkako profesionalek. Horien artean, nabarmentzen dira arkitekto hauek: Laura Álvarez (Laura Álvarez Architecture), Lone Wiggers (CF Moller Architects), Sheila Blanco, eta Iñaki de Prim (Blancodelprim Arquitectura Ecopasiva), Jonathan Tuckey (Jonathan Tuckey Design), Elisabeth Ábalo eta Gonzalo Alonso (Estudio Ábalo-Alonso) Carlos Castanheira (Carlos Castanheira Architects), Iñaki Archanco (BOA Arquitectura Sostenible), Maria Barcina (BXD Arquitectura), Stefan Prins (Powerhouse Company) eta Vittorio Salvadori (Cree Buildings). Hitzaldietan honako gai hauek aztertu dituzte besteak beste: “Egurrezko eraikuntzaren estrategiak”, “Egurrarekin lan egitea”, “Egurrarekin egindako azken lanak”, “Arkitektura bernakularra”, “Egurrez egindako arkitektura” eta “Geometria, materialtasuna eta sistematizazioa”.

Gainera, jardunaldi teknikoek ere partaideen kopuru handia erakarri dute, lau bloke tematiko nagusiekin lotutako berritasunak ezagutzeko asmoz: “Euskadiko basoko bioekonomia zirkularraren garapen-estrategia”, “BASAJAUN workshopa”, “BEHS Baso Egur Hezkuntza Sarea” eta “Interreg Sudoe EGURALT” proiektua.

Bestalde, “Erakusketa Eremuan”, 70 enpresa baino gehiagok parte hartuta, egurrezko eraikuntzan azken joerak eta irtenbide berritzaileenak ikusi ahal izan dira. Gainera, Speakers’ Corner delakoa bihurtu da berritasunak aurkezteko gunea eta era askotako produktu eta zerbitzuak ezagutarazi dituzte.

 

VI. Egurtek Sarien banaketa-ekitaldia

Egurtek 2022ren baitan egin dute VI. Egurtek Sarien banaketa-ekitaldia. Ekimenak gero eta garrantzi handiagoa lortu du eta galdu ezinezkoa den hitzordu bihurtu da sektoreko profesionalentzat.

Basque Quality-Tokiko Zuraren Sari Berezia Manuel Sanchez-Villanuevaren eta Carol Beuterren Casal Porta Trinitat proiektuak jasoko du; Bois/Egurra/Madera Sari Berezia (BEM) Beñat Saratxagaren eta Gentzane Goikuriaren Last Chance For A Slow Dance lanarentzat izango da; Eraikuntzaren Saria Marta Perisen eta José Manuel Toralen Viviendas Sociales proiektuak eskuratu du; Interiorismoaren kategorian, Óscar Andrés eta Iván Andrés arkitektoek eskuratu dute saria, Casa Pris proposamenarekin, eta Produktuaren Diseinu Saria Silvia Ceñalen Mesa Laga lanak lortu du. Azkenik, Argitalpenaren kategorian, saria José María Marzo arkitektoak aurkeztutako Tectónica.Archi lanak eskuratu du, baita José Enrique Peraza arkitektoak aurkeztutako Aitim aldizkariak ere.

 

Egurtek ekimen jasangarri gisa akreditatu da Erronka Garbia zigilua lortuta

Erronka Garbia zigilua jaso du Egurtekek, ingurumenarekiko duen konpromisoagatik. Hala, eta ekitaldiaren amaieran ziurtagiria lortu ahal izateko, antolakuntzak hondakinak kontatu eta murrizteko eta gaikako-bilketa sustatzeko plana egin du; modu eraginkorragoan argiztatu eta klimatizatzeko, hau da, argiaren intentsitatea eta instalazioen tenperatura ordu fase desberdinetara egokitzeko; standetako energia-kontsumoa murrizteko; eta gai horien inguruko sentsibilizazio-mezuak aktibatzeko, besteak beste.

Ihobe-Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak ematen duen Erronka Garbia ziurtagiriak ingurumenaren gaineko balizko eragin negatiboak minimizatzeko diseinuan eta antolaketan ingurumen-neurriak integratzen dituzten ekitaldiak aitortzen ditu.

 

Bilbao Exhibition Centrek antolatzen du Egurtek, eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak babesten du. Horrez gain, Baskegur – Euskadiko Egurraren Elkartearen eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren laguntza jasotzen du.

 

-ek idatzirik |2022-10-24T09:23:16+02:0024 de urria de 2022|Albisteak|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top