Egurtek Sarien VII. edizioa deitu dute

Proiektuak aurkezteko epemuga martxoaren 4ko 12:00ak izango da

Egurtekek, Egurrezko Arkitekturaren eta Eraikuntzaren Nazioarteko Foroak, sarien VII. edizioa deitu du eta hiru kategoriatan lanik onenak sarituko dituzte: Eraikuntza, Interiorismoa eta Produktuaren Diseinua. Horiei, gainera, beste 3 sari berezi gehituko zaizkie: Bertako Egurra-Basque Quality, Argitalpena eta Bois/Egurra/Madera (BEM). Lanak aurkezteko epemuga martxoaren 4ko 12:00ak izango da.

2012an sariketa hau sortu zenetik, kalitate handiko ehun proiektu inguru aurkezten dira urtero Egurrezko Arkitektura Sarietara, eta sektoreko aitorpenik ospetsuenetako bat bilakatu dira. Egurtek foroan egingo da sari-banaketako ekitaldia urriaren 17an eta parte hartu duten hautagaien panelak sariketan ere ikusgai egongo dira.

2022an, Eraikuntza saria Marta Perisen eta José Manuel Toralen Viviendas Sociales lanak jaso zuen. Hain zuzen ere, lan hori erabili da aurtengo edizioaren kanpainarako grafikoetan. Bestalde, Interiorismoaren kategorian, Óscar eta Iván Andrés arkitektoek irabazi zuten Casa Pris proposamenarekin, eta Produktuaren Diseinuaren saria Silvia Ceñalen Mesa Lagak jaso zuen.

Bestalde, Bertako Egurra Local-Basque Quality sari berezia Manuel Sanchez-Villanuevaren eta Carol Beuter-en Casal Porta Trinitat proiektuak jaso zuen; Bois/Egurra/Madera (BEM) sari berezia, Beñat Saratxagaren eta Gentzane Goikuriaren Last Chance For A Slow Dance lanak, eta Argitalpenaren kategorian, José María Marzoren Tectónica.Archi eta José Enrique Peraza arkitektoak aurkeztutako Aitim aldizkaria saritu zituzten ex-aequo.

Bilbao Exhibition Centrek Egurteken hamargarren edizioan lanean jarraitzen du. Egurrezko eraikuntzako arkitektoentzako eta beste profesional batzuentzako ezinbesteko hitzordua da eta 2024ko urriaren 16an eta 17an egingo da. Egurtek BECek antolatzen du, eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak babesten du. Horrez gain, Baskegur – Euskadiko Egurraren Elkartearen eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren laguntza jasotzen du.

-ek idatzirik |2024-02-26T09:40:45+01:0026 de otsaila de 2024|Albisteak|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top