David Chipperfield, 2023ko Pritzker sariduna, Egurtek-en hamargarren edizioko hizlarietako bat izango da

Britainia Handiko arkitekto ospetsuari nazioarteko lehen mailako figurak batuko zaizkio, hala nola Andreas Etzelstorfer (Backraum Architektur), Liza Heilmeyer (Birk Heilmeyer und Frenzel), Mikko Liski (AFKS Architects) eta Philippe Madec (Atelier Philippe Madec)

 Estatuko profesional ezagunek ere parte hartuko dute, hala nola, Beñat Saratxagak (Behark Arquitectura), Maialen Sagarnak (OS3 Arquitectura), Carol Beuterrek (Estudio HAZ Arquitectura) eta José Toralek (Peris+Toral Arquitectes).

 

Sir David Chipperfield (David Chipperfield Arquitects) arkitekto eta hirigile britainiar ospetsua, 2023ko Pritzker Sariaren irabazlea, urriaren 16an eta 17an Bilbao Exhibition Centren egingo den Egurteken, Zuraren Arkitektura eta Eraikuntzaren Nazioarteko Foroaren, profesional-taldearen erakargarri nagusietako bat izango da. Nazioartean garrantzitsuenen artean dagoen biltzar honek egurra sustatzen du eraikuntza jasangarrirako funtsezko baliabide gisa.

Alemania, Austria, Frantzia, Finlandia eta Erresuma Batuko hizlariek zurezko eraikuntzaren aukerei buruzko beren ikuspegia azalduko dute. Andreas Etzelstorfer (Backraum Architektur), Liza Heilmeyer (Estudio Birk Heilmeyer und Frenzel), Mikko Liski (AFKS Architects) eta Philippe Madec (Atelier Philippe Madec) bezalako figura ospetsuek beren azken proiektuak partekatuko dituzte, baita lehengai horri buruz etorkizuneko material gisa dituzten ikuspegiak ere.

Estatu mailakoei dagokienez, Beñat Saratxaga (Behark Arkitektura, Bilbo), Carol Beuter (Estudio HAZ Arquitectura, Bartzelona), Maialen Sagarna (OS3 Arquitectura, Usurbil) eta José Toral (Peris+Toral Arquitectes, Bartzelona) izango dira kalitatezko obrak, berritzaileak eta ingurumena errespetatzen dutenak diseinatzeko material horren erabilerari balioa emango diotenak.

 

Austeritatearen eta funtzionaltasunaren arkitektoa

Chipperfielden lanak berrogei urte baino gehiagoko ibilbidea eta ehun bat proiektu ditu atzean, eta eskualde bakoitzeko historia eta kulturarekiko errespetuari lotuta dago. Austeritatea, funtzionaltasuna eta gizarte bidezkoago eta jasangarri batekiko konpromisoa ditu ezaugarri. Bere lanik garrantzitsuenen artean daude Londresko Royal Academy-ren birmoldaketa, Veneziako Prokuradoretza Zaharren zaharberritzea, Berlingo Galeria Nazional berria, Amorepacific-en bulegoak Seulen (Korea), Hyogom-eko Inagawa hilerria (Japonia), Bartzelonako Justiziaren Hiria, Valentziako Veles e Vents eraikina eta Jumex Museoa, Mexiko Hirian.

 

Andreas Etzelstorfer

Bavariako Arkitektoen Ganberako kidea, Etzelstorferrek Backraum Architectur (Austria) estudioa sortu zuen 2009an. Bere proiektuen bereizgarri nagusia zuraren erabileraren bidezko jasangarritasuna da. 2023an Behe Austriako Zurezko Eraikuntza Saria jaso zuen eta Estiriako Zurezko Eraikuntza Sarirako izendatuta egon zen.

 

Liza Heilmeyer

Heilmeyerrek, Stepan Birk eta Martin Frenzelekin batera, Birk Heilmeyer und Frenzel estudioa gidatzen du. Bere lanak hainbat sari jaso ditu, hala nola arkitekto gazteentzako Deubau-Preis prestigiotsua, arkitekto berrien Weissenhof Architecture Gallery saria eta artista gazteentzako North Rhine-Westfalia saria eta Europe 40 under 40. Ikertzaile akademikoa izan da, eta 2020an BDA Baden-Württembergeko (Alemaniako Arkitektoen Elkartea) Estatuko presidente izendatu zuten.

 

Mikko Liski

Liski AFKS Architects taldeko kidea da. Talde hori Jari Frondelius eta Jaakko Keppok sortu zuten 1998an, Korsoko elizaren eta parrokia-zentroaren arkitektura-lehiaketa irabazi ondoren. Martta Wendelin Day Care Centre izeneko bere proiektua saritu zuten iaz Finlandiako Arkitektoen Elkarteak ematen duen Finlandia Prize for Architecture jaialdian, arkitektura-balio handia aitortuz. Aurten, Hopealaakso Day Care Eguneko Zentroa Mies van der Rohe EBko Arkitektura Garaikideko Europako Sarirako izendatuta dago.

 

Philippe Madec

Hirigintza eta arkitekturaren garapen jasangarrian aitzindaria da. Madecek bere estudio propioa sortu zuen Parisen 1989an eta 2005ean bigarren bulego bat ireki zuen Rennesen. Idazlea, unibertsitateko irakaslea, arkitekto eta hirigile ikertzailea, Madec erreferentzia garrantzitsua da lanbidean. Sari garrantzitsuak jaso ditu, hala nola 2012ko Global Award for Sustainable Architecture, 2022ko Arkitektura Akademiaren Ohorezko Domina, eta bi aldiz izendatu dute Mies van der Rohe EBko Arkitektura Garaikidearen Europako Sarirako.

 

Beñat Saratxaga

Saratxagak, Gentzane Goikuriarekin batera Behark Arkitektura estudioko kideak, bere lanbidean gizartearen beharrizanei lotuta jardutea defendatzen du. Behark-en proiektu propioak eta Bartzelonako zein Londresko estudio handietarako beste proiektu batzuk uztartzen dituzte. Sari ugari jaso dituzte azken urteotan; bi sari Egurtek 2022n, sari bikoitz bat EHAEOken aldetik eta Egurraren Industrien Ikerketa Elkarteak (AITIM) emandako beste sari bat.

 

Carol Beuter

 Bartzelonako HAZ Arquitectura estudioa Carol Beuterrek ordezkatuko du Egurteken. Talde honen lanak bikaintasunarekin eta ingurumen-jasangarritasunarekin konprometituta daude. Aipagarrienen artean, Trinitat Vella Bizitza Komunitarioko Zentroa (Egurtek 2022 saria), Escola Pía Balmes eliza eraberritzea edo Bartzelonako Illa “A” multzoko 60 etxebizitza publikoak daude.

 

Maialen Sagarna

Juan Pedro Otaduy eta Ainara Sagarnarekin batera, euskal profesionalen hirukote honek OS3 Arquitectura osatzen dute. Bere lanik nabarmenenak Potxonea (Usurbilgo Kultur Etxea) eta Zumarte Musika Eskola (Usurbil) eraberritu eta handitzea dira. OS3ko taldeak behin eta berriz egiten du material berriztagarrien eta ekologikoen aldeko apustua.

 

José Toral

José Toralek, Marta Perisekin batera, jasangarritasuna defendatzen du bere proiektuetako balio nagusi gisa. Bikoteak praktika arkitektonikoaren atzeraelikadura planteatzen du, etxebizitza publiko kolektiboari eta hiri-espazioari buruzko ikerketa baten bidez, gizabanakoa ekintzaren erdigune gisa eta arkitektoa gizarte-eragile gisa kokatzen dituena. Jasotako errekonozimendu aipagarrienen artean, 2022ko CSCAE Espainiako Arkitektura Saria, 2022ko Eduwik Architecture Excelence Award eta 2021eko Premio Europeo di Architettura Matilde Baffa Ugo Rivolta Sariak nabarmentzen dira. 2022an Egurtek Eraikuntza Saria jaso zuten “Cornellako 85 etxebizitza sozial” proiektuagatik.

 

Egurtek 2024

Egurtekek hamargarren edizioa egingo du aurten, zurezko eraikuntza eta arkitekturaren nazioarteko erreferentziazko ekitaldi gisa finkatua. Estatuko eta nazioarteko berrogeita hamar enpresa baino gehiagok beren produktuak eta zerbitzuak erakutsiko dituzte erakusketa-gunean.
Gune horrekin batera, Baskegur Euskadiko Zuraren Elkarteak antolatutako jardunaldi teknikoak egingo dira. Bestalde, Egurtek sariek hainbat kategoriatako lanik onenak aitortuko dituzte; hala nola eraikuntza, interiorismoa edo produktua.

 

Egurteken X. edizioa Bilbao Exhibition Centrek antolatzen du, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren babesa eta Baskegur-Euskadiko Egurraren Elkartearen eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren lankidetza ditu.

 

-ek idatzirik |2024-04-17T11:49:36+02:0017 de apirila de 2024|Albisteak|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top