Egurtek 2018k Zurezko Arkitektura Sarien 4. edizioko irabazleen berri eman du

Epaimahaiak, aurkeztutako proiektuen (120 baino gehiago) kalitatea goraipatu du; gaurtik aurrera, Donostiako Arkitektura Eskolan egongo dira ikusgai.

[button href=”http://www.coavn.org/coavn/jsp/coavn/Egurtek2018_1.jsp” align=”center” target=”_blank”]Egurtek sarietan aurkeztutako panel eta sariak[/button]

Egurtekek, Nazioarteko Zuraren Arkitektura eta Eraikuntza Foroak, Zurezko Arkitektura Sarien 4. Edizioko irabazleen berri eman du gaur eguerdian. Aurtengoa foroaren 7. edizioa izango da, eta 2018ko urriaren 18an eta 19an egingo da, Bilbao Exhibition Centren. Egurtekek lanik onenak saritu ditu, bost modalitatetan: “Eraikuntza”, “Argitalpena”, “Produktu Diseinua”, “Bertoko Zura (Basque Quality)” eta “Barne Diseinua” (aurten gehitutako kategoria). 2016an aurkeztutako 88 panelen aldean, oraingoan 158 panelek (kategoria guztiak barne hartuta) hartu dute parte: 58 Eraikuntzan, 36 Barne Diseinuan, 27 Diseinuan, 4 Argitalpenean eta 33 Bertoko Zuran (Basque). Epaimahaiak “aurkeztutako proiektu guztien kalitate handia” azpimarratu du, bai eta “zuraren erabilerari dagokionez lan guztiei darien sentiberatasuna” ere.

Eraikuntza atalean, Emiliano López eta Mónica Riveraren “Dos Casas de Corcho en Llafranc, Girona” lanak irabazi du. Epaimahaiak haren adierazkortasuna nabarmendu du, baita ingurunearekiko egokitzapena ere, ingurune zailean egindako ezarpen aproposaren eta material-hautaketaren nahiz obran jartze bikainaren bidez lortua. Modalitate honetan, gainera, epaimahaiak aipamen berezia egin die lan hauei: Begoña de Abajo eta Carlos Garcíaren “Impluvium Centro Comunitario en Reinosa, Cantabria”, Marià Castelló Martínezen “Bos d’en Pep Ferrer en Playa de Migjorn, Isla de Formentera”, eta Miguel Alonso Flamarique, Roberto Erviti Machain, Mamen Escorihuela Vitales eta Antón Varela Garcíaren “Nueva sede servicios centrales FINSA en Santiago de Compostela, A Coruña”.

Barne Diseinua kategorian, Xavier Chérrez eta Raquel Canteraren “Taller de Arquitectura en Pamplona, Navarra” nagusitu da. Epaimahaiak biltegiratze- eta lan-eremuaren aprobetxamendu osoa azpimarratu du, zeina egileek “zurezko eraikuntzaren bertuteetan oinarrituriko irtenbide burutsu batez baliatuz” erdietsi duten.

Zurezko diseinua atalean, Gerard Bertomeu, Miriam Cabanas eta Xavi Santodomingo diseinatzaileen “POTRO” lanak jaso du saria. Epaimahaiak elementuaren diseinuaren berezkotasuna aintzatetsi du. Funtsezkotasun hori berrikuntza teknologikoan oinarritutako erreferentzia egokiari esker eskuratu du lanak.

Bertoko Zura (Basque Quality) kategorian, Silvia Ceñal diseinatzailearen “ARINA, una mesa para los hogares de hoy en día” izan da irabazlea. Epaimahaikideek “zur-motari eta formatuari lotutako aurrez zehazturiko mugak zituen elementuaren ebazpen aproposa” laudatu dute.

Azkenik, Argitalpena atalean, non saritzen den eraikuntzan egindako zuraren erabileraren hedapena hedabide grafiko, inprimatu, ikus-entzunezko edo digitalen bidez, Miguel de Lozar de la Viñaren “La cabaña moderna. Pequeñas arquitecturas en busca de sentido” ikerketa-lanak erdietsi du saria; etxola primitiboaren gai errepikakorra oinarri, mugimendu modernoaren arkitekturan zuraren protagonismoa erakusten du.

Lan horien argibide-panelak UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko atondoan (Gipuzkoako Campusa) jarriko dira ikusgai gaurtik aurrera.

Arkitekturaren, diseinuaren, fabrikazioaren eta zuraren arloetako aditu entzutetsuek hartu dute parte sarien epaimahaian; besteak beste, erakunde eta entitate hauetakoek: Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala, Euskal Herriko Unibertsitatea, Baskegur-Euskadiko Egurraren Elkartea, Infoedita-Komunikazio Profesional Taldea, Bilbao-Bizkaia Design & Creativity Council, Arrokabe Arkitektoak, Bizkaiko Barne Dekoratzaile eta Diseinatzaileen Elkargo Ofiziala eta EIDE-Euskadiko Diseinugileen Elkartea. Sari-banaketa urriaren 19an egingo da, Bilbao Exhibition Centren, EGURTEK 2018ren baitan.

2012an jaio zenetik, Bilbao Exhibition Centrek, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak eta Baskegurrek, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak babestuta, zurezko arkitekturako lanik nabarmenenak saritu nahi izan dituzte, bi helburu lortu nahian: batetik, aipatu talde profesionalean zuraren erabileraren gaineko eztabaida bultzatzea; bestetik, munduko zenbait herrialdetan esparru horretan garatutako esperientziak gizartearen aurrean bistaratzea.
2018 SARIETAKO GARAIKURRA

Epaimahaiak maiatzaren 24an hautatu zuen EGURTEK sarietako garaikurra. UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleen artean lehiaketa antolatu, eta 20 lan aurkeztu ziren. Irabazlea Silvia Alonso Altuzarra izan zen; Leire Grijalvo eta Joana Akaiturri ikasleak, berriz, finalistak izan ziren, eta aipamen berezia jaso zuten.

Ekimena Euskal Herriko Unibertsitatearen, Egurteken eta Baskegurren arteko elkarlanaren emaitza izan da, eta Arte Ederretako zenbait ikaslek hartu dute garapenean. Hala, bi lauhilekoan zura landuz, urriko ekitaldirako berriz egingo duten garaikurra sortu dute, Egurtek 2018ko bost irabazleek bana jaso dezaten (baliteke etorkizuneko edizioetan ere erabiltzea).

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak, Baskegurrek, Bilbao Exhibition Centrek eta Euskal Herriko Unibertsitateak ordezkaritza izan dute Egurtek Sarietako Taillen Epaimahaian.

EGURTEK 2018K DAGOENEKO BADITU PUNTAKO NAZIOARTEKO HIZLARIAK

Arkitekturaren esparruko profesional entzutetsuak izango dira Egurtek 2018ko hitzaldien programan. Adibidez, Hong Kongeko Tszwai So arkitektoak Bielorrusiako Oroitzapenezko Kaperaren egitasmoan izan duen parte-hartzea azalduko du. Proiektua Londresko iparraldean gauzatu da, Txernobyleko hondamendi nuklearraren 30. urteurrenaren baitan. Era berean, Hong Kongeko arkitektoak Bielorrusiako egurrezko herri-elizen ikerketa-lanean bildutako esperientzien berri emango du.

Janne Kantee arkitekto finlandiarrak beraren “Hotel Lodge” lana erakutsiko du. Suak hartu ondoren, Kanteek hotel hori berreraiki eta ingurunean bikain egokitzea lortu zuen, jatorrizko egiturari jarraiki eta Finlandiako egurra erabiliz. Zurezko alpetar diseinua du eraikinak, Sierra Nevadan dago, eta era horretako bakarra da bertan.

Orobat, Carlos Castanheira ere nabarmendu beharra dago programan parte hartuko duten hizlarien artean. Arkitekto portugaldarrak erabateko sentsibilizazioa garatu du zuraren erabilerari dagokionez, eta lan ugaritan baliatu du material hori.

Lidewij Lenders arkitekto herbeheretarrak bere zenbait proiekturen adibideak ekarriko ditu, zeinetan zura “adimenez eta normaltasunez” erabili den; esaterako, “La casa en una esquina de Steiger” (Holanda) obran: egurrez eginda dago, goitik behera, eta eraikitzeko baliatutako lehengai guztiak berriztagarriak dira. Berezko zurezko markoa da, izei ijeztuko zoru sendoarekin.

Halaber, Victor Orivek, Zaha Hadid estudioko arkitekto londrestarrak, beraren “The New Lawn” proiektuaren berri emango du. Egitasmoa Forest Green Rovers izeneko Ingalaterrako Bosgarren Mailako futbol-taldearen estadio berria bihurtuko da, eta zurez eraikiko da oso-osorik, klubak bere egindako ekologia-printzipioen arabera. Horrez gain, iraunkortasunari eta ingurumenarekiko begiruneari eusteko baldintza guztiak beteko dira.

Estatu-mailan, Arrokabe estudioko Óscar eta Iván Andrés Quintela nabarmendu behar dira, 2016. urteko Egurtek sariaren irabazleak, Eraikuntza atalean, hain zuzen. Quintela anaiez gain, aipatu beharra dago Carmelo Fernández Militinok bere esperientzien azterketa eskainiko duela. Arkitekto nafarrak Europako hego-mendebaldeko egurrezko CLT egiturarik handiena eraikitzeko proiektua egin du, Hondarribian. Amaitzeko, Beatriz Bergasa eta Leire Badiola ere izango ditugu hizlari. Satie Arkitektoak estudioaren bitartez, gipuzkoarrek makina bat egitasmo egin dute zura erabiliz; besteren artean, Fos Upeltegia eraberritzeko eta handitzeko lanak. Proiektu horretan, egurra naturaren eta eraikinaren arteko lokarri bilakatu dute, eta erabateko protagonismo estetikoa eta estrukturala eskaini diote materialari.

Jardunaldi Teknikoen Programa ere izango da Egurtek 2018n. Zuraren sektorearekin lotutako gaiak eztabaidatuko dira, eta, besteak beste, “Basogintzari eta egurraren sektoreari buruzko prestakuntza”, “Baso-bioekonomia” eta “Zurezko diseinua” saioak antolatuko dira. Era berean, 60 bat enpresek osatutako erakusketa-gune bat egongo da.

-ek idatzirik |2018-06-08T13:30:26+02:008 de ekaina de 2018|Albisteak|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top