Egurtek-ek bere sarien zortzigarren edizioko proiektu finalisten berri eman du. Zuraren erabileran proposamen onenak saritzen dira, eta kalitate arkitektonikoagatik, garapen arduratsuagatik eta material hori diseinuaren funtsezko elementu gisa integratzeko gaitasunagatik nabarmentzen dira proiektuak.

Aurten, guztira 81 hautagaitza jaso ditu deialdiak, sarien hiru kategoria nagusietan: 54 proiektu Eraikuntzan, 18 Interiorismoan eta 9 Produktuaren Diseinuan. Horien artean, epaimahaiak Bertako Egurra (Basque Quality), Bois/Egurra/Madera (BEM) sari bereziekin sarituak izango diren proposamenak ere aukeratuko ditu. Egurtekeko batzordeak berriz, Hedapena kategoriako proiektu irabazlea aukeratuko du.

Epaimahaiak deliberazioa egin ondoren, honako proiektu hauek aukeratu dira finalista gisa:

  • 5 Eraikuntza kategorian: Centro Social Muimenta, Haus Anton II, Rehabilitación del Palacio Zarautz como nuevo equipamiento cultural, Edificio para Infinito Delicias eta Oceanika.
  • 3 Barne Diseinuaren kategorian: Interiores de la Rehabilitación de la Facultad de Filosofia y Letras de Zaragoza, DBH Hankaz gora! eta Oslo Cowork.
  • 3 Produktu Diseinuaren kategorian: Nuevos Sistemas de Unión Patentados Madera-Madera, Losa industrializada híbrida de hormigón y vigas laminadas de madera para espacios de grandes luces eta Serie pr (silla&taburete).
  • 3 BEM kategorian: Centro Social Tiki-Toki, Bilbao Bizkaia Museoa eta MUGAKHABIT[atu]Z.
  • 3 Basque Quality kategorian: Casa en Serra D’Ordal, Almacén Agrícola en Lamixene eta The Woods. Transformación del caserío de Aberanga Txikia.

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko dekano José María González-Pinto da epaimahaiko burua, eta hauek osatzen dute: Arrokabe, Baskegur, Bizkaiko Diseinugile eta Dekoratzaileen Elkargo Ofiziala, EHU-Euskal Herriko Unibertsitatea, EIDE-Euskal Diseinu Elkartea eta DPA Arquitectura.

Edizio honetako proiektu irabazleak urriaren 28an Bilbao Exhibition Centren egingo den Egurtek Sarien banaketa-ekitaldian jakinaraziko dira, sariketaren lehen egunaren amaieran. Ekitaldian zurezko arkitekturari eta eraikuntzari lotutako profesionalak, erakundeak, estudioak eta enpresak bilduko dira. Gainera, aurkeztutako hautagaitzen panelak COAVNren webgunean – Egurtek Sariak atalean – ikus daitezke, eta Egurtek 2026ko Zona Expo gunean ere bisitatu ahal izango dira. Gune honek jasotako proposamen guztiak eta zurak hainbat arlotan dituen aplikazioak gertutik ezagutzeko aukera emango du.

Egurtek Sarien idazkaritza teknikoa Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (COAVN) esku dago, eta arkitekturan eta eraikuntzan zurak dituen aukeren ezagutza zabaltzen laguntzen duten proiektuak eta profesionalak nabarmentzen dira. Horrela, sariek ezagutzaren transferentzia indartzen dute, berrikuntza bultzatzen dute eta zura material estrategiko gisa kokatzen laguntzen dute, eraikuntza-eredu iraunkorragoak eta lehiakorragoak lortzeko bidean aurrera egiteko.

Egurtek Bilbao Exhibition Centrek antolatu du, eta Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren babesa du, partner instituzional gisa, baita Baskegur-Euskadiko Zuraren Elkartearen, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren, Bilboko Ingeniaritza Eskolaren eta Infoeditaren laguntza ere.