• Nazioarteko Zuraren Arkitektura eta Eraikuntza Foroa gaur eta bihar bitartean egingo da Bilbao Exhibition Centren eta 63 enpresa erakusketarik eta hamar hizlari inguruk hartuko dute bertan parte
  • Inaugurazioa Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak, Raúl Pérez Iratxetak, zuzendu du eta Egurtek “egurraren inguruko balio erantsia” dela azpimarratu du. Bere hitzetan, ekimena “berrikuntza, ikerketa eta ezagutzaren transferentzia bultzatzeko” baliabidea eta “gizartearen aurrean egurraren erabilerari naturaltasuna emateko tresna” da.
  • Bestalde, BECeko zuzendari nagusiak, Xabier Basañezek, zura “material iraunkorra eta berriztagarria” dela aipatu du eta “iragana eta etorkizuna, tradizioa eta modernitatea orekan batzen dituen ikurra” dela azpimarratu nahi izan du
  • Gaurko jardunaldian, gainera, zurezko diseinu eta proiektu onenei emandako sei Egurtek sariak banatuko dituzte

 

Egurteken, Nazioarteko Zuraren Arkitektura eta Eraikuntza Foroaren, hamargarren edizioak gaur goizean zabaldu ditu ateak Bilbao Exhibition Centren. Ekimenak hitzaldiz, zuzeneko erakustaldiz eta, elementu bereizgarri gisa, egurrarekin egindako ideia eta proiektu onenak aitortuko dituzten sari-banaketaz betetako bi egun jasoko ditu.

Kongresuaren eta foroaren inaugurazio-ekitaldia BEC-Batzarrak izeneko auditorioan egin dute eta bertan izan da Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordea, Raúl Pérez Iratxeta. Inaugurazio-mahaia osatzeko, bertan izan dira BECeko zuzendari nagusia, Xabier Basañez; Baskegurreko zuzendari nagusia, Oskar Azkarate; eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko (COAVN) dekanoa, José María González-Pinto.

Egurteken inaugurazioan izan dira Bizkaiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustapena Saileko foru-diputatua, Arantza Atutxa, eta Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietako, CECOBIko, EHUko, COAVNeko eta ICEXeko ordezkariak.

Bere hitzaldiaren hasieran, Xabier Basañezek eskerrak eman dizkie bertaratutakoei eta Egurtek “sektoreko profesionalentzako nazioarteko interesa biltzen duen topagunea” dela aipatu du. “Material iraunkorra eta berriztagarria da, iragana eta etorkizuna batzen dituen, eta modernitatearen eta tradizioaren oreka eratzen duen materiala”, aipatu du BECeko zuzendari nagusiak eraikuntzan egurra erabiltzeari dagokionez.

Basañezek Egurteken programa zabalaren inguruko errepasoa egin du. Ekitaldien artean, nabarmendu beharrekoa da 2023ko Arkitekturako Pritzker saridunaren, David Chipperfielden, parte-hartzea. Saridunak Kongresuaren Erakusketa Eremuko “espazio dinamikoan” hartuko du parte, eta “bertan, irtenbide berriak arakatu eta profesionalen arteko lotura baliotsuak finkatuko dituzte”. Era berean, “espezializazio maila altuko” jardunaldi teknikoak ere nabarmendu ditu zuzendariak. Azkenik, sari-banaketa aipatu nahi izan du.

Bere hitzen ondoren, Jose María González-Pintoren txanda iritsi da eta gaur banatuko dituzten sariei balioa eman nahi izan die: “Arkitektoek egindako lanari Egurtek Sariek ematen dioten garrantziak, berrikuntzarekin lotuta dugun konpromisoa bistaratzeaz gain, egurrak eraikuntza jasangarriaren arloan funtsezko baliabide gisa duen garrantzia ere sendotzen du”.

Bestalde, Oskar Azkaratek egutegian Egurraren Astearekin bat egiten duela aipatu du. “Egurraren Astearen hamargarren urteurrenarekin bat eginez, Egurtek-en edizio honetan zurean industrializatutako eraikuntza aurreindustrializatuaren funtsezko papera ikusaraziko dugu, erakusketa gunean hainbat enpresaren parte-hartzearekin, baita jardunaldi teknikoetan ere, espezializazio maila handia baitute”, esan du.

“Baso-bioekonomia jasangarria, digitalizazioa, akustika eta zurezko diseinua bezalako gai garrantzitsuak jorratuko ditugu”, esan du. Bere ustez, “arkitektura eta eraikuntza iraunkorraren eredu berri baten bidean egurraren garrantzia helarazi nahi duten beste sentsibilizazio jarduera batzuekin osatuko diren saioak”.

Hiru ikuspegi positibo

Inaugurazio-ekitaldiari amaiera emateko, Raúl Pérez Iratxeta sailburuordeak gogoetaz betetako hitzaldia eskaini du. Lehengo eta behin, eskerrak eman dizkio Batzorde Tekniko Aholkulariari “programa osatzeko garaian eskaintzen diguzuen balio-proposamena eta hizlarien aukeraketa direla eta. Izan ere, nazioartean entzute handiko hamar profesional inguru bilduko dira bertan”.

Pérez Iratxetak “Eusko Jaurlaritzak identifikatu dituen ikuspegi positiboen” zerrenda aipatu eta “Egurteken bidez bultzatu nahi” dituztela adierazi du. Horrekin lotuta, lehen ikuspegi gisa, “egurraren inguruan balio erantsia sortzeko zuzeneko palanka izan behar” duela esan du. “Basoko sektoretik hasi eta merkaturatzearekin lotutako azken prozesura arte”.

Bigarrenari dagokionez, honako hau aipatu du: “Egurtek ezagutzaren transferentziarako, berrikuntzarako eta ikerketarako pizgarria da eta izan behar du”. Aldiz, hirugarren ikuspegia “gizartearen aurrean aplikazio askotan egurraren erabilerari naturaltasuna emateko tresna izatearekin” lotuta dago.

Amaitzeko, Raúl Pérez Iratxeta sailburuordeak honako hau gehitu du: “hiru begirada: balio erantsia eta garapen ekonomikoa; I+G+b arloa sustatzea eta mugimendu berritzaile kolektiboa; eta produkzio arloko basogintzari eta jasangarritasunari buruzko eztabaidetan eta iritzi-joeretan ñabardurak txertatzeko bitartekoa”.

Inaugurazio-ekitaldia amaitzeko, 63 enpresa biltzen dituen Erakusketa Eremura bisita egin dute ordezkariek.

Egurtek sariak

Era berean, Egurteken ekitaldi nagusietako bat da sari-banaketa, gaur eguerdian BEC-Batzarrak eraikineko auditorioan egingo dena. Sei sari eta accesit bat bat izango dira guztira:

  • Eraikuntza: Óscar Andrés Quintelaren eta Iván Andrés Quintelaren Casa Panchés, Carnotan (A Coruña).
  • Accesita: Elisabeth Abalo Díazen eta Gonzalo Alonso Núñezen Berbés Uvigo, Ribera de Berbésen (Vigo).
  • Interiorismoa: Iñaki Albistur Martínen eta Raquel Ares Joanaren The Joy of Living – Bizipoza (Donostia).
  • Produktuaren diseinua: Francisco Mangado Beloquiren eta Fernando Oíza Redínen Sistema Mohma.
  • Sari berezia – BERTAKO EGURRA (Basque Quality): Galenicum 1822rentzako bulego berriak Bartzelonan, David Lorente Ibañez, Josep Ricart Ulldemolins, Xavier Ros Majó eta Roger Tudó Galírenak.
  • Sari berezia – BOIS/EGURRA/MADERA (BEM): Javier Pérez Herreras, Francisco Javier Quintana de Uña, Edurne Pérez Díaz de Arcaya, Roberto Erviti Machain, Miguel Alonso Flamarique, M. Carmen Escorihuela Vitales eta Unai Armendariz Vidaurre arkitektoek egindako Entremultilvaseko (Nafarroa) alokairu sozialeko etxebizitzak.
  • Sari berezia – HEDAPENA: Cesugaren Madeira/Madera/Wood argitalpenen bilduma teknikoa .