Aste honetan egin da Bilbao Exhibition Centren bi urtez behin antolatzen den hitzordu profesionala

Egurtek Nazioarteko Zuraren Arkitektura eta Eraikuntza Foroaren hamargarren edizioa atzo amaitu zen eta sektoreko agendan ezinbesteko hitzordu bihurtu da beste behin. 1.710  bisitari gerturatu dira BEC-Batzarrak eraikineko auditoriora eta Luxua pabiloira. Horietan, profesionalek bilerak, topaketak eta negoziazioak izan dituzte bi egunez (urriak 16 eta 17) beren produktu berritzaileenak erakusteko erakusleiho hau aprobetxatu duten 63 enpresa erakusketariekin. Era berean, nabarmendu beharrekoa da kongresuari, enpresa erakusketariei eta bisitariei dagokienez, nazioarteak presentzia handia izan duela. Izan ere, Euskadi eta estatutik harago, 20 herrialdetako partaideak jaso dituzte. Beste hainbaten artean, hurrengoak nabarmenduz: Portugal, Frantzia, Alemania, Italia, AEB, Argentina, Mexiko eta Kolonbia.

Ondorioz, partaidetzari eta bertan esku hartu duten enpresen asebetetze mailari dagokienez 2024ko Egurtekek ateak balantze positiboarekin itxi dituela esan dezakegu. Foro honen helburuak dira profesionalek esperientziak eta jardunbide egokiak partekatu ahal izateko gune bihurtzea, sinergiak aprobetxatzea eta zuraren erabilera sustatzea eraikuntza jasangarriko material gisa eta negutegi-efektua eta klima-aldaketa murrizteko faktore erabakigarri gisa.

Datu horiek agerian uzten dute edizioa arrakastatsua izango dela. Izan ere, antolakuntzaren aurreikuspenik onenak ere gainditu egin ditu edizioak eta inaugurazioaren egunean bidalitako mezuak baieztatuta geratu dira. “Egurtek sektoreko profesionalentzako nazioarteko interesa duen topaketa da”, adierazi zuen egun hartan Bilbao Exhibition Centreko zuzendari nagusi Xabier Basañezek. Inaugurazio-ekitaldian bertan, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak, Raúl Pérez Iratxetak, Egurteki buruzko hiru “ikuspegi positibo” azpimarratu nahi izan zituen: “egurraren inguruko balio erantsia” du, “berrikuntza, ikerketa eta ezagutzaren transferentzia bultzatzeko” baliabidea eta “gizartearen aurrean egurraren erabilerari naturaltasuna emateko tresna” gisa erabil daiteke.

Kongresua, Erakusketa Eremua eta Jardunaldi Teknikoak

Bi egunez, topaketan lehen mailako Kongresua egin da. Bertan, nazioartean prestigio handia duten hamar hizlari inguruk hartu dute parte eta hainbat txokotatik iritsi dira: Austria, Alemania, Frantzia, Britainia Handia, Norvegia eta Finlandia, besteak beste. Hala ere, gertuagotik etorritakoak ere izan dira: Bilbo, Usurbil eta Bartzelona, adibidez. Zalantzarik gabe, aurtengo edizioko esku-hartze nagusietako bat 2023ko Pritzker saridunarena, David Chipperfieldena, izan da. Atzo onlineko hitzaldia eskaini zuen eta, bertan, arkitekturaren rolari eta gizarteari egiten dion ekarpenari, eraikuntzan egurrak duen dimentsioari eta egungo kontsumo-ereduari buruzko ikuspegia izan zituen hizpide.

Arkitektoek Kongresuan eskainitako hitzaldietan gogoeta interesgarriak eskaini dituzte eta, horietan, agerian geratu da maila profesionalean eta pertsonalean duten konpromisoa. “Diseinu bioklimatikoa da arkitektura klima-aldaketara egokitzeko baliabide interesgarrienetako bat”, “zuraren abantailetako batzuk dira material horren karbono-aztarna baxua eta ingurune digitalaren baitako gizatasuna”, “zurak edertasuna, goxotasuna, benetakotasuna eta naturarekiko lotura eskaintzen ditu” edo “etxearen antzinako tradizioekin, egurrarekin, esate baterako, lotura eskaintzen duen puntu beroa eskaintzen du bere epeltasunari edo usainari esker”, izan dira eskainitako kontzeptu mailako ekarpenetako batzuk.

Hitzaldiekin batera, jardunaldi teknikoek jende asko bildu dute. Lau bloke tematiko nagusien inguruko gaurkotasuna izan dute hizketagai: Euskadiko basoko bioekonomia jasangarria, Euskadiko basogintzako-egurraren digitalizazioa eta egurraren potentziala arakatzeko eta ingurune naturalarekin ditugun harremanak arautzeko (Eman egurra!!) arkitekturako eta diseinuko tailerra.

Bestalde, Erakusketa Eremuan 63 enpresak baino gehiagok hartu dute parte eta zurezko eraikuntzan azken joerak eta irtenbide berritzaileenak ikusi ahal izan dira. Gainera, Innovation WorkShops tailerrak berritasunak aurkezteko gune gisa indartu dira eta era askotako produktu eta zerbitzuak ezagutarazi dituzte horietan.

Egurteken edizio guztietan egin ohi den beste ekitaldi esanguratsuenetako bat da sari-banaketa. Hala, sei kategoriatan banatutako sariak ematen dituzte material komun gisa egurrarekin lotutako eraikuntzaren eta diseinuaren sektoreko ideia eta proiektu onenak aitortzeko. Honako hauek izan dira aurtengo saridunak:

  • Eraikuntza: Óscar Andrés Quintelaren eta Iván Andrés Quintelaren Casa Panchés, Carnotan (A Coruña).
  • Accesita: Elisabeth Abalo Díazen eta Gonzalo Alonso Núñezen Berbés Uvigo, Ribera de Berbésen (Vigo).
  • Interiorismoa: Iñaki Albistur Martínen eta Raquel Ares Joanaren The Joy of Living – Bizipoza (Donostia).
  • Produktuaren diseinua: Francisco Mangado Beloquiren eta Fernando Oíza Redínen Sistema Mohma.
  • Sari berezia – BERTAKO EGURRA (Basque Quality): Galenicum 1822rentzako bulego berriak Bartzelonan, David Lorente Ibañez, Josep Ricart Ulldemolins, Xavier Ros Majó eta Roger Tudó Galírenak.
  • Sari berezia – BOIS/EGURRA/MADERA (BEM): Javier Pérez Herreras, Francisco Javier Quintana de Uña, Edurne Pérez Díaz de Arcaya, Roberto Erviti Machain, Miguel Alonso Flamarique, M. Carmen Escorihuela Vitales eta Unai Armendariz Vidaurre arkitektoek egindako Entremultilvaseko (Nafarroa) alokairu sozialeko etxebizitzak.
  • Sari berezia – HEDAPENA: Cesugaren Madeira/Madera/Wood argitalpenen bilduma teknikoa .

Bilbao Exhibition Centrek antolatu du foroa, eta Eusko Jaurlaritzaren Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak babesten du. Horrez gain, Baskegur – Euskadiko Egurraren Elkartearen, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren, Bizkaiko Aparailari eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialaren, Euskal Herriko Erkidegoko Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialaren, Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren (UPV/EHU), Bilboko Ingeniaritza Eskolaren (UPV/EHU) eta Eskola Politeknikoaren (UPV/EHU) laguntza jaso du.