Egurtek Arkitektura eta Eraikuntzaren Nazioarteko Foroak hamargarren edizioa egingo du urriaren 16 eta 17an Bilbao Exhibition Centren. Arkitektura eta Ingeniaritzako profesionalentzat ezinbesteko hitzordua da, baita egurrezko eraikuntzarekin lotutako beste sektore batzuentzat ere.

Egurteken helburua egurraren sektoreko profesionalei erreferentziazko espazioa eskaintzea da, beren esperientzia eta jardunbide egokiak partekatzeko lekua izan dezaten. Paregabeko aukera da, hortaz, sinergiak probesteko eta egurraren erabilera bultzatzeko eraikuntza-material jasangarri moduan eta negutegi-efektua eta aldaketa klimatikoa murrizteko faktore erabakigarri moduan.

Egurtek bi urtean behin egiten da, eta Estatuan modu esklusiboan arkitektura eta egurrari zuzendutako topaketa bakarra izateko ohorea du. Bi egunez, merezimendu osoz, nazioarteko interesaren gune nagusi izaten da, eta bisitari, biltzarkide eta enpresa erakusketariak ezagutza partekatu eta jasotzera etortzen dira, baita enpresa-harremanak sortzera ere.

Foroak hainbat interesgune aurkezten ditu: lehen mailako arkitekturako nazioko eta nazioarteko jende ezaguna biltzen duen Kongresua, sektorean interesekoak diren gaiak lantzen dituzten jardunaldi tekniko oso espezializatuak eta egurraren eraikuntzarekin lotutako produktu sorta zabalarekin etorritako enpresa erakusketariak hartzen dituen erakusketa eremua (Expo Gunea). Gainera, edizio bakoitzean proposamenik berritzaileenak aitortzeko ekitaldia egiten da, eta Egurtek Sariak banatzen dira sei kategoriatan.

Bilbao Exhibition Centrek antolatzen du topaketa, eta Eusko Jaurlaritzaren Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila du erakunde mailako partnerra. Era berean, Baskegur -Euskadiko Egurraren Elkartea, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala eta Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntzaz antolatzen da.

Kongresua hizki larritan

Egurteken bereizgarrietako bat kongresu atala da, eta bi jardunaldietan nazio eta nazioarteko mailako prestigio handiko hamar hizlari biltzen ditu programak. Arkitektura eta egurraren eraikuntzako pertsona ospetsuek beren lanik nagusienei buruzko zehaztasunak emango dituzte. Horien artean, azpimarragarria izango da 2023ko Pritzker Saria jaso zuen David Chipperfilelden aurkezpena. Hitzaldia online izango da, baina zuzenean, eta ingurumenaren eta gizartearen jasangarritasunean eraikinek duten eraginaz arituko da, bai eta bizi-kalitatean duten eraginaz ere.

Arkitekturak rol eraldatzailea duela jakitun, proiektu ugari bideratu dituzte banakoaren ongizatera eta gizartearen ongizatera. Esaterako, nazioarteko mailan, Egurteken 10. hitzaldi honek Parisko Philippe Madec izango du hizlari; baliabide naturalak errespetatzen dituen arkitekturarekiko konpromisoaz hitz egingo du Gehiago gutxiagorekin saioan.

Anne Cecilie Haug norvegiarraren parte hartzea ere nabarmentzekoa da; eraikin kultural eta komertzialetan esperientzia handiko arkitekto beteranoa da. Aireztapen naturalari eta zero emisioekin egindako eraikinen eraikuntzari buruz garatu duen ikerketari buruzko zehaztasunak partekatuko ditu hitzaldian.

Liza Hielmeyer alemaniarrak, Mikko Liski finlandiarrak eta Andreas Etzelstorfer austriarrak osatzen dute nazioarteko hitzaldien kartela.

Gertukoenen sailean, Beñat Saratxaga bilbotarra arduratuko da Kongresuko irekiera-hitzaldiaz. Bertan, lortutako sari guztien artetik, bati buruz arituko da, hain zuzen ere, Egurteken azken edizioko BEMri buruz, saritutako Larrabetzuko Last chance for a slow dance proiektuari buruz. Bestalde, Maialen Sagarna gipuzkoarrak Usurbilgo musika-eskolaren birgaitze eta zabalkuntza lanez hitz egingo du bere txandan.

Manuel Sánchez-Villanueva Bartzelonako Porta Trinitat hainbat funtziotarako multzoan egindako lanaz arituko da, eta José Toral (Egurtek Eraikuntza saria 2022) Cornellà de Llobregateko etxebizitza sozialez. Haiek osatuko dute kongresu-programa.

Lehenengo jardunaldian aurreko edizioko Egurtek Sariak banatuko dira. Sei sari sei kategoriatarako:

  • Eraikuntza: Óscar Andrés Quintela eta Iván Andrés Quintelaren Carnotako Casa Panchés (A Coruña).

Saria: Elisabeth Abalo Díaz eta Gonzalo Alonso Núñezen Ribera de Berbéseko (Vigo) Berbés Uvigo.

  • Interiorismoa: Iñaki Albistu Martín eta Raquel Ares Joanaren The Joy of Living – Bizipoza (Donostia).
  • Produktuaren diseinua: Francisco Mangado Beloqui eta Fernando Oíza Redínen Sistema Mohma.
  • Sari Berezia – BERTAKO EGURRA (Basque Quality): David Lorente Ibañez, Josep Ricart Ulldemolins, Xavier Ros Majó eta Roger Tudó Galí Bartzelonako Galenicum 1822rako bulego berriak.
  • BOIS/EGURRA/MADERA (BEM) Sari Berezia: Javier Pérez Herreras, Francisco Javier Quintana de Uña, Edurne Pérez Díaz de Arcaya, Roberto Erviti Machain, Miguel Alonso Flamarique, M. Carmen Escorihuela Vitales eta Unai Armendáriz Vidaurreren Entremutilvasko (Nafarroa) alokairu sozialeko etxebizitzak.
  • Sari Bereziak- HEDAPENA: Cesugaren Madeira/Madera/Wood argitalpenen multzo teknikoa.

 

Jardunaldi teknikoak. Espezializazioa eztabaidagai

Baskegurrek, Euskadiko Egurraren Elkarteak, antolatzen ditu, eta Egurteken atal izarretako bat da. Lau Jardunaldi Tekniko oso espezializatu eskainiko dira, eta egurraren sektorean gaurkotasunik handiena duten gaiei buruzko hitzaldiak eskainiko dituzte. Jardunaldi bakoitza bukatzean, eztabaida-mahai bat egingo da landutako gaiei buruzko irudipena trukatzeko.

Espezializatutako hitzaldietan, Euskadiko baso-bioekonomia jasangarriaz, egurrezko eraikinetako akustikaz eta Euskadiko basoko-egurraren sektoreko digitalizazioaz arituko dira, besteak bete.

Horrekin batera, Eman egurra!! tailerra zuzenduko du EIDE Euskal Disenuak, Euskal Diseinuaren Elkarteak, egurrak diseinuaren esparruan duen potentziala aztertzeko helburuarekin. Parte hartzaileak Elisa De Los Reyes García (Pez Estudio), José Luis Revuelta Ibáñez (Re_vuelta Estudio) eta  Jon Abad Aguirre (Abad Diseño) izango dira.

Expo gunea: Erakusketa eta negozioa

Sektoreko 63 enpresek hartuko dute parte Egurtek 2024ko Expo Gunean. Eremu honetan, egurrezko eraikuntzako soluzio abangoardistenak eta azken joerak ezagutzeko aukera izango dute bisitariek.

Erakusketa Gunearen helburua da profesionalei egurrezko eraikuntzaren arloko azken joerak erakustea. Horretarako, hainbat alderdirekin lotutako produktu eta zerbitzuen ikuspegi integrala eskainiko dute: egurrerako tratamenduak, egituren softwarea edo materialen inportazioak (besteak beste). Horrez gain, networkinga oinarri izango duen arloa ere izango du hitzorduak. Bertan, sektoreko profesionalek ideiak trukatzeko eta lankidetzak finkatzeko aukera izango dute.

Hala, erakusketan Espainiatik, Alemaniatik, Australiatik, Belgikatik, AEBtik, Frantziatik eta Italiatik iritsitako berrogeita hamar enpresa erakusketari inguruk hartuko dute parte. Eraikuntza jasangarrira eta bioeraikuntzara bideratutako produktu eta soluzio berritzaileak aurkeztuko dituzte, baita egurraren eraikuntzan eta haren tratamenduetan baliatzeko material eta elementuak ere.

Espazio berean egingo dira Innovation Workshop delakoak, enpresa erakusketariek egindako argitalpen laburrak. Aurtengo edizioaren berritasun nagusietako bat izango da zuzeneko erakustaldiak eskainiko dituztela. Horri esker, publikoak gertu-gertutik ikusi ahal izango ditu egurrezko diseinuarekin eta eraikuntzarekin lotutako soluzio eta teknika aurreratuenak.

Erronka Garbia: ingurumena errespetatuz

Erronka Garbia zigilua jaso du Egurtekek, ingurumenarekiko duen konpromisoarengatik. Hala, antolakuntzak hondakinak kontatu eta murrizteko, eta gaikako bilketa sustatzeko plana egin du; betiere, modu eraginkorragoan argiztatu eta klimatizatzeko, hau da, argiaren intentsitatea eta pabilioiaren tenperatura ordu-fase desberdinetara egokitzeko; standetako energia-kontsumoa murrizteko; eta sentsibilizazio-mezuak aktibatzeko (besteak beste, BECeko komunekin lotuta, uraren erabilera arduratsua gomendatuz). Bestalde, BECera gerturatzeko garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute.

Ihobe-Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak ematen duen Erronka Garbia ziurtagiriak antolaketan ingurumen-neurriak integratzen dituzten ekitaldiak aitortzen ditu.

Egurteken inaugurazio-ekitaldia urriaren 16an, asteazkenean, izango da, 09:30etik aurrera, BEC-Batzarrak eraikineko auditorioan, eta Eusko Jaurlaritzako Raúl Pérez Iratxeta, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordeak zuzenduko du.