Nazioarteko Zuraren Arkitektura eta Eraikuntza Foroak 11. edizioa ospatuko du, bere espazio desberdinetan ezagutza, berrikuntza eta negozioa uztartuz.

Zurezko eraikuntzaren bilakaerak erronka tekniko konplexuak planteatzen ditu, eta horiei erantzuteko, segurtasun-maila handiena erosotasunarekin, eraginkortasunarekin eta eraikuntza-sistema berriekin uztartzeko gai diren irtenbide berritzaileak behar dira. Horiexek izango dira Egurtekeko Jardunaldi Teknikoen programaren ardatzak. Zurezko Arkitektura eta Eraikuntzaren Nazioarteko Foroa urriaren 28an eta 29an itzuliko da Bilbao Exhibition Centrera.

Baskegurrek, Euskadiko Zuraren Elkarteak, antolatutako lau saioek arkitekturaren, diseinuaren eta eraikuntzaren etorkizunerako funtsezko gaiak jorratuko dituzte, gorantz doan, eta berriztagarria eta jasangarria den lehengai horri lotuta. Gainera, zura XXI. mendeko klima- eta gizarte-erronkei erantzuteko gai den baliabidea da.

Jardunaldietako bat suaren aurreko zurezko arkitekturan oinarrituko da. Cristian Maluk, DAMA Engineering Consultantseko zuzendari teknikoak eta Suteen Aurkako Segurtasun Ingeniaritzaren ikerketan eta praktikan adituak, analisi- eta diseinu-metodoak sakonduko ditu, bai eta arriskuak arintzeko estrategiak ere. Era berean, araudi-ikuspegiak eta errendimenduan oinarritutako diseinu-ikuspegiak aurkeztuko ditu, eta kasu praktikoak eta ikerkuntzan egindako azken aurrerapenak azalduko ditu, eraikuntza seguruagoak eta eraginkorragoak garatzeko.

Zurezko ondare historikoaren birgaitze-lana izango da landuko den beste gai nagusietako bat. Saioak Zumaiako Karmeldar Oinutsen San Jose Komentu zaharraren eraldaketa izango du aztergai. XVII. mendeko eraikin hori kultur etxe bihurtu du ZETABI Arkitektura Bulegoak, TECNALIArekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan. Proiektu berezia da, kontserbazio-jarduketak segurtasunaren, energia-eraginkortasunaren, jasangarritasunaren eta irisgarritasunaren arloetako hobekuntzekin uztartu dituena.

Jardunaldiak proiektu hori diziplina anitzeko ikuspegitik aztertuko du. Horretarako, honako hauek izango dira bertan: Ainara Iroz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondarearen Zerbitzuko arduraduna; Josu Maroto, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondarearen Zerbitzuko arkitektoa; Aitor Zubia eta Uzuri Larrañaga, ZETABI Arkitektura Bulegoko arkitektoak; eta Josu Benito, TECNALIAko Egurraren Ildo Estrategikoko arduraduna. Guztiek azalduko dute esku-hartze hori garatzeko garaian bakoitzak izandako esperientzia.

Matxalen Acasuso Atutxa, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko (EHAAO) dekano ohia, eta Paz Martín Rodríguez, FÜNDC arkitektura-bulegoko zuzendarikidea, jardunaldietan izango dira zurezko barrualdeen bizigarritasuna eta erosotasuna aztertzeko. Biak dira habitaTU gidaren egilekideak. Gida horrek Euskadiko etxebizitzen, bizitegien eta hotelen diseinuari aplikatutako araudi mailako mugen eta bizitegi-ikuspegi berrien inguruko hausnarketa egiten du.

Adituek aztertuko dute zurak nola laguntzen duen barrualde osasungarriagoak eta erosoagoak sortzen, erabiltzaileen ongizatea sustatuz eta, besteak beste, hezetasunaren erregulazio naturalean hobekuntzak ekarriz. Era berean, zurak eraikuntzaren industrializazioan eta lehorrean muntatzeko sistemetan duen zeregina nabarmenduko dute. Sistema horiek malgutasun handiagoa ematen diete espazioei, eta, aldi berean, ingurumen-inpaktua murrizten laguntzen dute.

Inguratzaile bereziak eta zurezko fatxaden industrializazioa izango dira programako beste saio baten ardatzak. Bertan, aurreindustrializatutako eraikuntza-sistemek proiektuko eragileen arteko koordinazio handiagoa eta plangintza zehatzagoa eskatzen dutela aztertuko da. Horretarako, erreferentzia gisa hartuko dira bi proiektu: Oiongo (Araba) Bodegas Faustino upategien fatxada, haritzezko horma-gortina eliptiko bereziarekin, eta Bartzelonako KNEM Eraikina. Azken horren kasuan, Intsinis pinuzko zurezko horma-gortina aluminiozko kanpoaldeko azal bikoitzarekin eta pasabideekin konbinatuta dago. Bi adibideek agerian uzten dute zurak gaur egungo fatxada industrializatuari eskaintzen dizkion aldakortasuna, zehaztasun teknikoa eta balio estetikoa.

Hizlariak Narcís Poza Belmonte, Talleres Inox SAko zuzendari nagusia eta inguratzaileen arloko erreferentea; Félix Flüshöh, Grupo Gámizeko operazioen zuzendaria; eta Aurelio Gámiz Urrutia, Grupo Gámizeko salmenta-kudeatzailea eta errendimendu handiko egurrezko teknologien preskripzioan eta estrategian Espainiako arduraduna izango dira.

Jardunaldi teknikoak ere izango dira Egurtek 2026 ekitaldiaren egitarau zabalaren baitan. Hamaikagarren edizio honetan, Kongresua, Erakusketa Eremua, Egurtek sarien banaketa, Innovation Workshop tailerrak eta networkingeko jarduerak ere izango dira.

 

WORKinn Talent Hub

Egurtek 2026k zuraren eta eraikuntzaren balio-kate osoaren garapena sustatzeko egiten duen apustua enpleguaren esparruan ere islatuko da. Lehen aldiz, foroak WORKinn hartuko du, basogintza- eta zuraren sektoreetako zein eraikuntzaren sektoreko enpresak eta profesionalak harremanetan jartzeko espazioa. Helburua izango da sektore horiek eskaintzen dituzten enplegu- eta garapen-aukerak gerturatzea.

Urriaren 29an, 9:00etatik 13:00etara, parte hartuko duten enpresek beren hautaketa-prozesuak, gaur egun gehien eskatzen diren profilak eta datozen urteetan industriak beharko dituen gaitasun berriak aurkeztuko dituzte, eta beren lan-eskaintzen berri ere emango dute.

Egurtek Bilbao Exhibition Centrek antolatzen du, eta Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren babesa du, bazkide instituzional gisa, baita Baskegur-Euskadiko Zuraren Elkartearen, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren, Bilboko Ingeniaritza Eskolaren, Infoedita eta Tecnalia sektoreko bazkide bezala.