- Erakusketa Gunean parte hartuko duten enpresak batez ere bioeraikuntzakoak, egituretakoak, materialetakoak eta egur-tratamenduetakoak dira eta Alemaniatik, Australiatik, Belgikatik, Frantziatik, AEBtik, Italiatik eta Espainiatik iritsiko dira.
- Egurrezko Arkitekturaren eta Eraikuntzaren arloko Nazioarteko Foroa urriaren 16 eta 17an egingo da Bilbao Exhibition Centren eta jardunaldi teknikoak eta lehen mailako kongresua bilduko ditu.
Egurrezko Arkitekturaren eta Eraikuntzaren arloko Nazioarteko Foroaren, Egurteken, X. edizioak eraikuntza jasangarrirako ezinbestekoa den baliabide hori sustatzen du eta proposamen interesgarriak ekarriko ditu urrian Bilbao Exhibition Centrera. Proposamen horiek Erakusketa Gunean ere ikusgai izango dira. Bertan egingo dira Innovation Workshop izenekoak eta horien helburua izango da erakusketariek sektore mailako zerbitzu eta produktuen punta-puntako berrikuntzak aurkeztea.
Aurtengo edizioaren berritasun nagusietako bat izango da gune horretan zuzeneko erakustaldiak eskainiko dituztela. Horri esker, publikoak gertu-gertutik ikusi ahal izango ditu egurrezko diseinuarekin eta eraikuntzarekin lotutako soluzio eta teknika aurreratuenak.
Egurraren sektorearen nazioarteko hitzordu honetan, atzerritarren presentzia ere oso handia da. Hala, erakusketan Espainiatik, Alemaniatik, Australiatik, Belgikatik, AEBtik, Frantziatik eta Italiatik iritsitako berrogeita hamar erakusketari inguruk hartuko dute parte. Enpresa parte-hartzaileek eraikuntza jasangarriaren eta bioeraikuntzaren sektoreetan, zurezko egituretan, material horrekin egindako eraikuntzako materialetan eta elementuetan eta tratamenduetan lan egiten dute, eta produktu eta soluzio berritzaileak aurkeztuko dituzte.
Erakusketa Gunearen helburua da profesionalei egurrezko eraikuntzaren arloko azken joerak erakustea. Horretarako, hainbat alderdirekin lotutako produktu eta zerbitzuen ikuspegi integrala eskainiko dute: egurrerako tratamenduak, egituren softwarea edo materialen inportazioak (besteak beste). Horrez gain, networkingerako eremu bat ere izango du hitzorduak. Bertan, sektoreko profesionalek ideiak trukatzeko eta lankidetzak finkatzeko aukera izango dute.
Jardunaldi teknikoak eta maila goreneko kongresua
Egurteken programa osatzeko, Baskegurrekin, Euskadiko Egurraren Elkartearekin, batera antolatutako jardunaldi teknikoak egingo dira. Gainera, nazioarteko kongresua ere antolatu da eta bertan bilduko dira maila goreneko profesionalak: David Chipperfield, 2023ko Pritzker sariduna, besteak beste.
Egurrarekin lotutako berrikuntza arloko lau jardunaldiei dagokienez, material horretan egindako arkitekturarekin eta eraikuntzarekin zerikusia duten tematika espezifikoak jorratuko dituzte: basoko bioekonomia zirkularra, digitalizazioa eta teknologia berriak, diseinua eta interiorismoa, eta akustika edo sua. Saio horietan, adituek eskainitako hitzaldiak, txostenen aurkezpenak eta eztabaidak izango dira ekimen bakoitzaren amaieran.
Bestalde, kongresuan egurrezko arkitekturan eta eraikuntzan espezializatutako Estatuko eta nazioarteko pertsona entzutetsuen panela bilduko da. Hain zuzen ere, Sir David Chipperfield (David Chipperfield Arquitects) arkitekto eta urbanista britainiar ezaguna izango da bertan bilduko den pertsona entzutetsuenetako bat (2023an Pritzker saria eskuratu zuen). Harekin batera, Alemaniatik, Austriatik, Frantziatik, Finlandiatik eta Erresuma Batutik iritsitako hizlariak izango dira. Egurrezko eraikuntzak eskaintzen dituen aukerei buruzko iritzia eman eta haien azken proiektuak partekatuko dituzte: Andreas Etzelstorfer (Backraum Architektur), Liza Heilmeyer (Estudio Birk Heilmeyer und Frenzel), Mikko Liski (AFKS Architects) eta Philippe Madec (Atelier Philippe Madec).
Gure inguruko adituei dagokienez, kalitatezkoak, berritzaileak eta ingurumenarekiko begirunetsuak diren lanak diseinatzeko garaian material horri balioa ematen dioten izen hauek azpimarratu behar ditugu: Beñat Saratxaga (Behark Arkitektura, Bilbo), Carol Beuter (Estudio HAZ Arquitectura, Bartzelona), Maialen Sagarna (OS3 Arquitectura, Usurbil) eta José Toral (Peris+Toral Arquitectes, Bartzelona).
Bilbao Exhibition Centrek antolatu du Foro hau, eta Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak babesten du. Horrez gain, Baskegur – Euskadiko Egurraren Elkartearen eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren eta Bilboko Ingeniaritza Eskolaren (EHU) laguntza jaso du.
Iruzkin bat utzi