Egurtek sarien baitan beste kategoria bat gehiago egongo da, hedabideei begirakoa

Egurrezko lan arkitektonikoari buruzko informazio onena sarituko du, “Eraikuntza”, “Diseinua” eta “Bertoko Egurra (Basque Quality)” kategoriei gehituta

EGURTEKek egurrezko arkitekturari eta diseinuei buruzko lan onenak sarituko ditu, lau modalitatetan: “Eraikuntza”, “Diseinua”, “Bertoko Egurra (Basque Quality)” eta “Argitalpenak. Hala, sarien hirugarren edizioan, beste kategoria bat gehiago egongo da eraikuntzaren esparruan egurraren erabilerari buruz hedabideetatik eginiko hedapena aitortzeko; hedabideok grafikoak, inprimatuak, ikus-entzunezkoak edo digitalak izan daitezke.

2012. urtean abian jarri zenetik, Bilbao Exhibition Centrek eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren babesarekin, egurrezko arkitektura-lan nabarmenenak saritu nahi izan dituzte, helburu bikoitzarekin: batetik, kolektibo profesionalaren baitan eztabaida sustatzea material horren erabileraren gainean; bestetik, jendartean ikusgai jartzea arlo horretan munduko hainbat herrialdetan garaturiko esperientziak.

“Eraikuntza” kategorian, funtsean bikaintasuna balioetsiko da diseinuaren oinarrizko osagaietan, ikuspuntu orokorretik, bereziki proiektuaren funtziorako egokitzapena eta hainbat faktore: ingurumenarekin eta hirigintzarekin loturikoak, teknikoak, lurraldearekin bat egiteari buruzkoak eta ekonomikoak. “Egurrezko Diseinua” kategoriak proposamen kontzeptual berriei erreparatuko die, hala nola jendarte-mailako ekarpenei, bizimodu eta kontsumo-modu berrietarako egokitzapenari eta materialen osagarritasunari, besteak beste. Bestetik, “Bertoko Egurra (Basque Quality)” saria Euskadiko Egur Sektoreak sustaturiko ekimenetako bat da. Ekimenok Eusko Jaurlaritzaren egurraren Plan Estrategikoan daude jasota, bertoko egurraren erabilera, hau da, Radiata Pinuarena eta EAEko beste espezie batzuena (Haritza, Pagoa eta Laritza), sustatze eta hedatze aldera. Berritasun gisa, gainera, aurten gune bat egongo da ikuspegi hori hoberen babesten duen argitalpenarentzat.

Epaimahaia osatuko dute arkitektura, diseinu, fabrikazio eta egurraren arloetako aditu entzutetsuek, ondoko erakundeetakoek: Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala, Euskal Herriko Unibertsitatea, Baskegur-Euskadiko Egur Elkartea, Infoedita-grupo de comunicación profesional, Tabuenca y Leache Arquitectos, Bilbao-Bizkaia Design & Creativity Council eta Bizkaiko Dekoratzaile/Diseinatzaileen Elkargoa.

Sari-banaketa Bilbao Exhibition Centren egingo da 2016ko urriaren 21ean, EGURTEK-Egurrezko Arkitekturaren eta Eraikuntzaren Nazioarteko 6. Foroaren baitan.

Komunikazio Saila, 2015eko irailak 8

-ek idatzirik |2015-09-09T06:33:27+02:008 de iraila de 2015|Albisteak|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

For security, use of Google's reCAPTCHA service is required which is subject to the Google Privacy Policy and Terms of Use.

Go to Top