Casa Panchés (Eraikuntza), The joy of living-Bizipoza (Interiorismoa) eta Sistema Mohma (Produktu Diseinua) izan dira irabazleak hiru kategoria nagusietan
Sari bereziak honako hauek jaso dituzte: Galenicum 1822 (Bertako egurra-Basque Quality), Entremutilvaseko alokairu sozialeko etxebizitzak (BEM) eta publicación Madeira/Madera/Wood (Difusión) argitalpena
Sariek egurraren erabilerari balioa ematen dioten proposamenak jendaurrean aitortzeko helburua du eta aurtengo epaimahaiak aurkeztutako 89 proiektuen “kalitate handia” eta material hori “erabiltzeko garaian erakutsitako sentsibilitatea” azpimarratu ditu.
Egurtek Sarietako epaimahaiak gaur iragarri ditu lehiaketako irabazleen izenak. Aipatutako sariketa Bilbao Exhibition Centreko Nazioarteko Zuraren Arkitektura eta Eraikuntza Foroaren baitan egiten da. Sarien banaketa-ekitaldia urriaren 16 eta 17an egingo da, Egurteken hamargarren edizioaren baitan. Proposamen guztiak hitzorduaren Erakusketa Eremuan, foroaren webgunean eta COAVNen egongo dira ikusgai.
Lehiaketara, 89 hautagaitza aurkeztu dira guztira: 46 Eraikuntzan, 32 Interiorismoan eta 11 Produktuaren Diseinuan. Basque Quality sari bereziak eskuratzeko hautagaiak 22 proiektu izan dira, eta 12 Bois/Egurra/Madera sarietara aurkeztutakoak. Sariketaren zazpigarren edizioko epaimahaiak aurkeztutako lanen “kalitate handia” eta haietan guztietan “egurraren erabilerarekin lotuta hauteman daitekeen sentsibilitatea” nabarmendu nahi izan ditu.
Eraikuntzaren atalean, saria Óscar Andrés Quintela eta Iván Andrés Quintela arkitektoen Carnotako (A Coruña) Casa Panchés proiektuak eskuratu du. Itsasoko bistak dituen etxebizitza honek pentagono erregularraren formako oinplanoa du eta oso-osorik egurrez eraikita dago. Kanpoaldea termotratatutako pinu-egurrez estalita dago, inolako akaberarik gabe. Horrek “inguruko harri granitikozko beste eraikuntza batzuekin hobeto integratzeko” grisaxkatzea sustatzen du.
Accesita Elizabeth Ábalo Díazek eta Gonzalo Alonso Núñezek Ribera de Berbésen (Vigo) eraikitako Berbés Uvigo proiektuak eskuratu du. Galiziako hiri horretako unibertsitatearentzat egindako proiektua da eta oso hondatuta zegoen garai bateko eraikuntzaren hondakinak aprobetxatuz altxatu dute. Harrizko arkupeak ditu eta egitura eta gainerako elementu arkitektonikoak zurez eginda daude. Arkitektoek honela definitu dute: “bata bestearen barruan dagoen kutxa da, egurra eta harria”.
Interiorismoko kategorian, Iñaki Albistur Martín eta Raquel Ares Joana izan dira irabazle The joy of living-Bizipoza lanarekin. Egurrezko egitura duen eraikin baten birgaitze integraleko diseinua da. Epaimahaiarentzat deigarria da “formei eta koloreei dagokienez soila den barneko espazio hori zer erraztasunekin sortu duten. Gainera, altzari guztiak eta zatiketa batzuk egiteko erabili den izeiaren egur adabegitsuari protagonismo handia eman zaio”.
Produktuaren Diseinuarekin lotutako saria, berriz, Francisco Mangado Beloqui eta Fernando Oíza Redín arkitektoek jaso dute Sistema Mohma lanarekin. Epaimahaiaren arabera, proposamen “irmoa” izateaz gain, “formalki erakargarria eta ingurumenari dagokionez arduratsua” da. Bestalde, “elementuen estandarizazioaren eta eskaintzaren moldakortasunaren artean lortutako oreka” azpimarratu nahi izan du epaimahaiak, horrek kalitatea-kostua erlazioari mesede egiten baitio.
Xabier Ros Majó arkitektoaren Galenicum 1822 (Bartzelona) bulego berriek jaso dute Bertako Egurra (Basque Quality) sari berezia. Epaimahaikideek honako hauek azpimarratu nahi izan dituzte: “lehendik dagoen industria-eraikin bat berrerabiltzeak dakarren balio erantsi handia, erabilera berrira modu erraz, arin eta adimentsuan berregokituz, eta bertako jatorria eta mekanizazioa duten MCL zurezko elementu aurrefabrikatuak erabiliz”. Nolabait esanda, “bi aldiz” jasangarria den planteamendu horrek esku-hartze mota horietarako material horrek duen “moldakortasun teknologikoa eta ekologikoa” erakusten du.
BEM (Bois/Egurra/Madera) sari berezia Javier Pérez Herreras, Francisco Javier Quintana de Uña, Edurne Pérez Díaz de Arcaya, Roberto Erviti Machain, Miguel Alonso Flamarique, M. Carmen Escorihuela Vitales eta Unai Armendáriz Vidaurre arkitektoek egindako Entremultilvaseko (Nafarroa) alokairu sozialeko etxebizitzek jaso dute. Epaimahaiak adierazi duenez, egur aurreindustrializatua erabiltzen dute “etorkizunean eraikuntza-sistema aurreindustrializatuak gehiago erabiltzeko eredu gisa balio duen paradigma-aldaketaren baitan, batez ere material jasangarrietan, hala nola zurean”.
Amaitzeko, Hedapenaren kategorian, saria Cesugaren Madeira/Madera/Wood argitalpenen multzo teknikoak eskuratu du “egitura historikoetan kalkuluak egiteko, diseinatzeko, esku hartzeko eta ikuskatzeko tekniken ezagutzatik, eta egituren garapenarekin eta gauzatzearekin lotuta prestakuntzari egiten dion ekarpena” dela eta.
Epaimahaiaren presidentea Jose Maria González-Pinto, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko dekanoa, izan da eta honako hauek osatu dute: José Antonio Barea (Euskal Herriko Unibertsitatea-EHU); Javier Cenicacelaya (Infoedita); Oskar Azkarate (Baskegur); Beñat Saratxaga, (Behark Arkitektura), Andoni Díaz (Bizkaiko Barne Dekoratzaile eta Diseinatzaileen Elkargoa), Jon Abad (EIDE, Euskadiko Diseinugileen Elkartea) eta Leire Fuente (COAVN).
Iruzkin bat utzi