Oreka euskal estudioak Egurtek Kongresuari hasiera emango dio. Ekitaldia online burutuko da urriaren 14an eta 15ean.

Hitzaldiak eta jardunaldi teknikoak BECetik igorriko dira goizez

Oreka euskal estudioa Egurtek 2020 Kongresuari, Zurezko Arkitektura eta Eraikuntzako Nazioarteko Foroari, hasiera emateko arduraduna izango da zortzigarren edizio berezi honetan. Egurtek-en antolatzaileek, aurten, topaketa online formatuan egitea erabaki dute. Kongresua BECeko auditoriotik igorriko da, foroaren kalitatea eta parte-hartze maila bermatze aldera; izan ere, Estatuko sektoreko erreferente baita. Egurtek 2020ko edukietara sartzea guztiz doakoa izango da, aldez aurretik izena emanda.

Bilbao Exhibition Centre-kiko hitzordu digitala urriaren 14an eta 15ean izango da, aurrez aurreko edizioan aurreikusita zegoen bezala, eta egun bakoitzean igorpen bat egongo da, goizez. Bloke bakoitzean, Kongresurako programaturiko gaiak landuko dira, hizlari nazionalekin eta atzerritarrekin, baita Jardunaldi Teknikoetarako ere. Gainera, beste eduki komertzial batzuk emango dira, eraikuntzaren eta zurezko diseinuaren sektoreko produktu eta zerbitzuei buruzko nobedadeekin.

Egurtek 2020 kongresua asteazkenean, 14an, hasiko da, 09:00etan, eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren ordezkari batek eta BECen zuzendari nagusiak, Xabier Basañezek, emango diote hasiera. Ondoren, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (COAVN) eta Baskegurren ordezkariekin batera, Egurtek Sarien buru izango dira, zurezko eraikuntzako lanik onenak eta profesional nabarmenenak aintzatesten dituzten sariak, alegia.

Orekaren hasiera hitzaldia 9:30 inguru izango da. Bertan, Ekaitz Uribek bioeraikuntzarekin lotutako Gipuzkoako estudioaren lan-ildoak azalduko ditu; izan ere, zurezko eta lastozko eraikuntzetan parte hartzen dute, irizpide klimatikoak aplikatuz. Horren adibide dira Elorrioko Txintxirri ikastola eta Urdaibaiko Lastozko Etxea. Casper Mork-Ulnes norvegiarraren eta bere 10 metro karratuko etxolen hitzaldiak eta Emiliano López-Mónica Rivero Arquitectos Kataluniako estudioaren parte den Mónica Riveraren hitzaldiak programa osatuko dute Kongresuaren lehenengo egunean.

Bigarren eguna goizeko 9:00etan hasiko da Pol Massoni, Lacol – Arquitectura Cooperativa-ren erakusketarekin. Bartzelonatik etorritako ekimen interesgarria da, eraldaketa sozialera bideratzen duena bere lana. Jarraian, Jesica McGarry irlandarraren txanda eta Mario Carreño txiletarraren txanda izango da. Beste batzuen artean bere bulego eta etxea den Fallahogey House-ri buruz eta Cerro Pochoco etxeei edo Salamankako udal kiroldegiari buruz hitz egingo dute hurrenez hurren.

Egun bakoitzeko kongresu-saioa amaitu ondoren, Baskegurrek antolatutako mahai-ingurua egingo da. Aditu entzutetsuek hainbat kontzeptu aztertuko dituzte bertan, hala nola bioekonomia eta bioeskualdeak, basogintzari eta zuraren eraikuntza iraunkorrari aplikatuak, elementu bereizle gisa.

-ek idatzirik |2020-09-25T13:57:48+02:0025 de iraila de 2020|Albisteak|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top